Sarrera
Autoa eta traktorea erosi ziren baserrian gure mutikotan, 1960 aldera. Garia ereiteari laga zitzaion hiru-lau urte lehenago. Naparregoiak jotzen zuenean, sirena-hotsak entzuten ziren fabrikan sartzeko eta irteteko orduan, eta kaminoa bizikletaz eta motorrez beteta aurkitzen genuen Uberako eskolatik etxerakoan. Gauetan “Radio España de Barcelona” entzuten zen gure sukaldean, eta erdaraz euskaraz baino gehiago eta gusturago egiten genuen anai-arrebok, nahiz eta jakin horregatik gurasoen eta batez ere aitajaunaren zaratak entzun beharko genituela.
Baztertzen hasiak zeuden ordurako frantses-goldeak, areak eta burdi-zorrotzak, itzali berriak azken txondor eta karobiak. Ogi-labe gehienak ere ez ziren pizten, kaleko ogi zurixa Bolintxotik ekartzen baitzen eskolatik edo lanetik etxerakoan. Halakok honenbeste irabazten zuela Urdiñolan eta beste halakok zatixa gehixao Altos Hornosen, izaten zen nagusien bazkalorduko gonbestaziño errepikakorra.
Gero hamar urterekin Seminariora joan nintzen abadegai. Euskalzaletu, hemezortzi urterekin bokazioa galdu, eta oporretan bakarrik zapaltzen nuen baserrira itzuli nintzenean, hara hor! Umetatik begien bistan izandako altxorra deskubritu nuen: etxeko euskera. Eta golpera jabetu nintzen zaharrek oso desberdin egiten zutela berba, eta ordura arte ezentzun egindakoak entzuten hasi nintzen. Eztaukat jarlekutik jaikitzeko adoreik pe, esaten bazuen aitajaunak, “Zela esan dozu?”, galdetuko nion, “adoreipe? Zer da hori.” “Neri falta jatana”, erantzungo zidan, eta poltsikoan neraman kartoizko fitxan apuntatuko nuen adore hitza eta entzundako esaldia.
Gauza jakina da hizkuntzak aldaketa etengabean daudela edozein izaki bizi bezala, baina azkeneko mende erdiaz jarduterakoan aldaketaz baino gehiago iraultzaz mintzatu beharko genuke. Edo suntsiketaz, hobeto esanda. Batetik, estatuaren botere publikoek mendeetan zehar euskararen aurka jo eta ke jardun ondoren, tresna berri eta indartsuak izan dituzte eskura: eskola, irratia, telebista... eta hutsagatik ez dute lortu bere helburua, euskara trabatik kentzea. Bestetik, euskararen gotorlekutzat genituen baserri eta auzoak kaletartu egin dira. Nekazaritza galdu edo guztiz aldatu da, beste ofizio zaharrek ere bide berdintsua jarraitu dute, eta langintza desagertzearekin edo aldatzearekin batera etorri da haren inguruko berba, esaera eta jakinduriaren galera ere.
Baina, zorionez, ematen du euskararen hil-kanpairik ez dugula entzungo. Zela edo hala, jakin dugu aldapa behera abiadan zetorren harri-bolari eusten, nahiz eta uste baino neketsuago egiten ari zaigun behetik gora jasotzeko ahalegina.