BERGARAKO EUSKARAREN ERABILERARI JARRIAK
1) Ba al dakigu benetan zein den
Bergararron izaera?
kalera irten ta sumatzen da
euskarak duen galera
nire iritziz aldatu behar
genuke gure jarrera
horrela soilik igoko baita
kaleko erabilera
2) Herritar askok daki euskaraz
guztira hiru laurdenak
ta gutxi gara egun guztian
euskaraz ari garenak
kalera irten eta erdaraz
entzuten dira gehienak
hau ikusita kolpetik nahastu
egiten zaizkit barrenak
3) Korrika dator bi urterik behin
ta indartzen da euskara
egun hauetan oso euskaltzale
bilakatzen da Bergara
lekukoaren mezua dabil
herrian hona ta hara
baina antzerki handi bihurtzen
denaren lekuko gara
4) Ahobizien rol-ak hartuta
euskaraldiko bidaian
lan hori ondo egiten dugun
jarriko nuke ezbaian
belarriprestak gu entzuteko
prest egoten dira mahaian
baina erdara irteten zaigu
hitz egiteko garaian
5) Ekimen hauek euskararentzat
beti dira positibo
baina kaleko erabilera
horrela ere ezin igo
"Euskaraz bizi nahi dut" kaletik
entzun daitekeen aldiro
hipokresia zantzuak argi
ikusten dira berriro
6) Guztia ez da kritika izango
lagunak ditu euskerak
gure hizkuntzan egiten dira
talde askoren bilerak
hauen artean dira gaztetxe,
Jardun eta martxanterak
horiek dira euskerak zinez
behar dituen jarrerak
|