Sorusaitza eta Agirreburu

Zein da Sorusaitza eta zein Agirreburu? Mendi kate horretako izenekin (zeini zela deitu) saltsa handia dago: MTNEn bi dira Sorus Aitz eta Agarreburu. Katastroan ere Agirreburu izenarekin datozen partzelak (4-5 inguru) Agirre baserritik goiko gainera bitartekoak dira eta ez dira Sorusaitz aldera sartzen.

Koldo Alberdik (Egileorrek) esan zidan berak ez duela inoiz entzun Sorusaitza eta MTNEn eta GFAko datu-basean izen horrekin datorrenari eurak Elosuko balkoia deitzen diotela.

Hala ere, nahasketa hori orokorragoa dela ematen du Sorusaitzean dagoen eremu megalitikoa, AGERREBURUrekin bataiatua baitator GFAko datu-basean.

Badirudi bi joera daudela:

  1. Agirreburu paraje zabalari (Sorusaitz barne) deitzekoa. Gregoriok Muruamendiarazen lekukotza hortik doala ematen du eta irizpide horretan oinarrituta kokatuko lituzke Itelazpik telebistako bere errepikagailuak Agirreburu/Sorusaitzean. Ikus hemen: http://www.itelazpi.net/eu/html/1/287.shtml. Mendikat webgunean ere Agerreburu sarreran Agirreburu/Sorusaitz izenburuaren azpian, gailur bakartzat dator eta honakoa dio: "Cumbre del macizo de Irukurutzeta. Esta cima, cercana a Kerexeta-goegia o Elosumendi ( 878 m ) es fácilmente distinguible por el repetidor que la domina. Una pista sube desde Elosua ( 600 m ) a esta altura pasando por el collado Norte que la separa de Kerexeta-goiegia y que se denomina Atxobaso ( 824 m ), existiendo un dolmen a la derecha. La cumbre también recibe el nombre de Sorusaitza."
  2. Bi tontorrak loturarik gabe azaltzekoa. GFA eta MTNEkoa eta katastrokoa (ahozko azalpena, barne) hori izango litzateke.

Gure kasuan, azkenean, Euskaltzaindiaren oniritziarekin bigarren aukera honen alde egin dugu; hau da, Agirreburu eta Sorusaitza bereiz agertzearen alde.