2. HIZTEGIAREN HISTORIA
Lotutako hitzak berbaren dagokion sarreran erantsita azalduko dira.
Historia luzea du hiztegiak, luzeegia beharbada. Baina su motelean egindako babak gozoagoak izaten dira eta pentsa dezagun onerako izan dela atzerakizuna. Ehunak ehun lan baditu, hiztegiak ez gutxiago. Azkuek esana utzi zuen norbaiti hiztegi bat egitea bururatzen bazitzaion, kentzeko ideia hori burutik deabruaren tentazio txarrena balitz bezala, eta ez zitzaion arrazoirik falta.
2.1. Haurtzaroa: lehen bilketa lanak (1969-73)
1969 urtean hasi nintzen berbak batzen, helburu jakinik gabe. Pentsatzen jarrita, memoria txarrekoa naizelako hasiko nintzen seguruen, harribitxiak oroimenaren zuloetatik galtzeak amorru handia ematen zidalako edo. Sasoi hartan ez nekien gure eskualdean nire aurretik beste asko izan direla tentaldi berean eroritakoak, eta beste asko izango zirela geroago ere, gure eskualdea baita, zalantzarik gabe, Euskal Herrian herri-hiztegi gehien eta onenak egin dituena. Kandido Izagirre eta Toribio Etxebarria dira beharbada izen handienak, baina beste askok ere lan bikainak burutu dituzte, hiztegi honen iturriak zerrendatzen ditugun atalean ikusten den bezala.